Intimitatea, azukrea eta gatza

Ez dut tarterik hartu azkenaldian bloga elikatzeko.

Tira, gogoan gorde nahi ditudan kontu batzuk izkiriatuko ditut gaurkoan.

Mikel Hernandez Abaituaren “Azukre xehea gatz larria” irakurri dugu Literatura eta kafea saioan. Liburu harrigarria iruditu zait, ausarta oso. Mikelek 70. hamarkadan Susaren sorreran bizi izandakoaren kontakizuna egiten du; bereziki bere burua jarri du agerian liburu honetan baina baita bere ikaskide, ikasle, lankide, sormen-kide etabarrak. Euskal literaturan ez dago holako liburu asko, prentsa-arrosaren tanketa du, hein batean; txutxumutxu interesgarriak jaso ditu. Dena den, eta, batez ere, kontatzen duenak interes istorikoa du, momentu jakin batean euskarazko kulturaren zati baten isla da, nire ustez, liburua.

Mikel bera gurekin izan genuen kafe-tertulian. Galderei erantzuteko prestutasun handiegirik ez bazuen ere, solasaldi interesgarria izan genuen. Entzuleen artean bere bi-hiru lagun ere izan ziren, Patri Urkizu eta Saizarbitoria. Bereziki aipatzekoa izan zen Mikel eta Ramonen arteko eztabaida etengabea. Eta zer esanik ez Mikelek gitarraz lagunduta eskaini  zigun kontzertua.

Hanif Kureishi ingelesak idatzitako “Intimitatea” gomendatu zidan lagun batek: “gizonen barne pentsamenduak ezagutzeko, ze ez ulertzeko, aukera eskaintzen du kontaketa honek”.

Eta halaxe izan da, irakurketa intentsoa eta tiradizo handikoa suertatu da.

Harkaitz Cano izan da itzultzaile fina, nire iritzian.

Hona hemen gorde nahi ditudan hainbat paragrafo eta esaldi:
 
– ezkontzan ere berehala adosten da etxeko lanen banaketa, arau zerrenda bat sortzearekin batera. Bikoteak, ordea, inoiz ez daude erabat ziur biak ala biak arau berberen arabera jokatzen ari ote diren, edota aldatu egin ote diren arauok gauetik goizera, bestea aldaketez batere ohartarazi gabe.
Ez zen bere asmamen zorrotza edo edertasuna izan xarmantu ninduena. (…) Arazoei aurre egiteko zeukan trebetasun eta abilezia etengabea nuen bereziki gustuko. Ez zen munduaren aurrean ez gai sentitzen, ni sentitzen nintzen bezala. Irmoa eta zuzena zen Susan; (34. orr.)

– Hor dago, halaber, norberak nahi, gorroto edo desio duenarekiko beldurra ere, zerorren amorruari diozun beldurra; errepresaliari eta deuseztapenari diozuna. Hor daude ohitura, konbentzioak eta morala, bihur zaitezkeen horri diozun beldurrarekin batera. (41. orr.)

– (…)harreman berriekin elikatzeko nuen premia larriaz. Ez dut inoiz modurik topatu Susanekin batera nagikerian gozo egoteko: espiritu ekintzailea du berak, izatez. (60.orr.)

– Ez dago, ez segurtasun sexualik, ez sozialik; norberak bere burua zaindu behar du, edota ez zaindu. Norbere burua asetzea, espresatzea eta “sormena” dira balio bakarrak.
Susanek beste eredu sozial batzuen premia dugula esango luke. Zeintzuk? Hainbeste gustatzen ez zaizkigun batzuk, ziur aski: eginbidea betetzea, sakrifizioa, besteekiko ardura, autodiziplina. (76.orr.)

– Bitxia da nola etortzen diren bat sarritan lerro-lerro zure umeen beharrak zure gurasoen iritziekin. (80. orr.)

– Casanovaren aholkua etorri zitzaidan akordura: errazagoa dela bi emakume batera seduzitzea, bakarrik dagoen bati ekitea baino. (93. orr.)

– Dudarik gabe, lagunen batekin aletuak izango zituen Susanek gure arazoak. Terapia aholkatu zioten, une oro atsekabetuta dabilen edonorekin beti egiten den bezala. Zutaz arduratzen nekerik ez lagunek, hartara. Uko egin nion joateari. Uko egin nion joateari. (101 orr.)

– Emazte jasangarria eta ume zoragarriak nituen, kasketatsu eta mainatu bilakatu bezain pronto kalerako bidea erakutsiko nion maitale perfektuarekin batera. Hipokrita baten bihotza neukan beharbada, baina banitatea aserik. Eta asetzekoei buruz ari garela, ez da gutxi hori. (99.orr.)

– Zenbat iraungo ote dio nirekiko gorrotoak? Hilabete batzuk? Urteak? Banaketa edo abandonu hauek zauri sakonak sor ditzakete. Baina nekagarria da norbait gorrotatzea; inor gorrotatzea norberaren burua asfixiara kondenatzea da. (118. orr.)

– Artean oinez ere ez zekiela, ostikada galantak eman nizkion pixoihalean. Nola liteke umeek gu hain babesgabe sentiaraztea? (124. orr.)

– Alde egiten dudanean, Susan ere nirekin batera desagertzea nahiko nuke. Maitasuna apaltzea gauza bat da, baina hortxe dirau jelosiak. Nire bizitza bizi nahi dut, baina ez berak berea bizitzea. (128. orr.)

– Gezurra esan dizut eta traizionatu egin zaitut egunero. Baina emakume horiekin gozaturik hartu ez banu, ez nukeen hemen hain luze iraungo. Denok babesten gaitu gezurrak; gauza garrantzitsuek aurrera egitea ahalbidetzen du. (148. orr.)

Lehen kapitulua sarean irakurgai dago.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: