Iritsi da eguna; orain, indarrak metatu eta garai berri bati indartsu egiten asmatuko ote dugu?

Egun haundia da, bai; hunkituta nago. 2011ko urriaren 20a da, arratsaldeko 7:15 dira eta jakin berri dut -da- ETAk jarduera aramatua behin-betiko uztea erabaki duela. 

Aurrerantzean asmatuko ote dute Euskal Herriko abertzaleak elkarrekin jarduten Euskal Herria eraikitzen?

Berrian jasotako ETAren historia laburra:

Duela 52 urte hasitako bidea

BERRIA, Enekoitz Esnaola   2011-10-20

1959. ETA sortu zuten. “Nazio askapenerako euskal erakunde sozialista iraultzailea”.

Begoña Urroz (22 hilabeteko haurra) ez zuen ETAk hil; erreportajea Berrian.

1961. Poliziaren torturen ondorioz lehen hildakoa:
Maria Mercedes Antxeta. Euskal Memoria Fundazioaren arabera, hamabi
lagun hil dira torturatuta “atxiloketa zentro ofizialetan”, eta haietan
tratu txar eta tortura kasuak 11.000 inguru izan dira.

(1966an jaio nintzen.)

1968. Ekaina: ekintza armatuetan lehen hildakoak.
Villabonan guardia zibil bat hil zuen ETAk, errepide kontrol batean topo
egitean: Jose Pardines. Guardia Zibilak Txabi Etxebarrieta etakidea hil
zuen Tolosan, ihesean zihoala.

1968. Abuztuan Meliton Manzanas poliziaburua hil zuen ETAk. Aurrez antolatutako ekintza armatu batean hildako lehenengoa.

1970. ETAren lehen bahiketa, abenduaren 1ean: Eugenio Beihl kontsul alemana. Historian zehar 77 lagun bahitu ditu.

1970. Burgosko prozesua. ETAko hamasei kideren kontrako epaiketa abenduaren 3an hasi zen. Nazioarteko oihartzuna eduki zuen.

1973. Luis Carrero Blanco hil zuen ETAk. Francisco Franco Espainiako diktadorearen ondorengotzat jotzen zuten.

1974. Zatiketa ETAn: ETA militarra eta ETA politiko-militarra.

1975. KASen sorrera, abuztuan. Hasieran Koordinadora Abertzale Sozialista barnean zen ETA, besteak beste.

1975. Iraila: Juan Paredes Txiki eta Anjel Otaegi etakideak fusilatu zituen frankismoak. Honen azken hildakoak.

1975. Azaroa: Franco diktadorea hil zen. ETAk bere borrokarekin jarraitu egin zuen.

1977. Espainiak emandako amnistia osoa. ETAk ez zuen aintzat hartu, eta segitu egin zuen.

1978. Espainiako Konstituzioa martxan. ETAk ez zuen onartu.

1979. Gernikako Estatutua martxan. ETAk ez zuen onartu.

1981. Joxe Arregi atxilotua torturatuta hil zen, otsailean. Guardia Zibilak atzeman zuen. Tortura kasurik ezagunenetakoa.

1981. Lemoiz zentral nuklearraren aurka ari zen
euskal gizarteko zati handi bat urteetan. ETAk 1981ean Jose Maria Ryan
zentraleko ingeniariburua hil zuen, otsailean.

1982. ETA politiko-militarrak desegin egin zela jakinarazi zuen, irailean.

1982. Euskal presoen sakabanaketa politikaren
ondorioz kartzeletarako bidaian hildako lehen senide edo lagunak, 1982ko
irailean: Rosa eta Arantza Amezaga. Hamasei herritar zendu dira
horrela. Horrez gain, eta Etxeraten arabera, sakabanaketa politikagatik
21 euskal preso hil dira.

1983. GAL hasi zen, Joxean Lasa eta Joxi Zabalaren
bahiketarekin (Baiona, urrian; 1995ean aurkitu zituzten bien gorpuak
Alacanten, Herrialde Katalanetan). GALen atentatu bidezko lehen
hildakoa: Ramon Oñederra, 1983ko abenduan. 1987ra artean 27 herritar hil
zituen GALek, eta Espainiako Estatuko arduradun izandako batzuk zigortu
egin zituen Justiziak. Euskal Memoria Fundazioaren arabera, gerra
zikinak —GALenak barne—, 85 pertsona hil ditu; haietatik %50, 1980-1984
artean.

1985. ETAk hildako lehen ertzaina: Carlos Diaz Arkotxa. Denera hamabost ertzain hil ditu.

1986. Maria Dolores Gonzalez Katarain Yoyes etakide ohia hil zuen ETAk.

1987. Txomin Iturbe ETAko buruzagiaren heriotza Aljerian, otsailean, errepide istripuan.

1987. Hipercor-eko atentatua Bartzelonan ETAk,
ekainean: 21 hildako. Jende gehien hil duen atentatua. 1987ko abenduan
Zaragozako kuartelean atentatua: 11 hildako.

1988. Ajuria-eneko Ituna alderdiek, ezker abertzaleak salbu.

1989. ETAren su-etena. Aljeriako negoziazioak Espainiako Gobernuarekin (PSOE).

1992. Bidarten ETAko zuzendaritza atxilotu zuen Frantziako Poliziak.

1995. Gregorio Ordoñez Donostiako PPko hautetsia hil
zuen ETAk, urtarrilean. Eta apirilean Jose Maria Aznar PPko
presidentegaia zauritu zuen beste atentatu batean —1996tik 2004ra
Espainiako gobernuburu izan zen Aznar—.

1995. Alternatiba Demokratikoa aurkeztu zuen ETAk,
apirilean —Aznarren aurkako atentatuaren hurrengo egunean datatutakoa—.
“KAS Alternatibaren gaurkotze” gisa aurkeztu zuen.

1996. Jose Antonio Ortega Lara kartzela
funtzionarioa bahitu zuen ETAk, urtarrilean. Erakundearen bahiketarik
luzeena: 532 egun. Guardia Zibilak askatu zuen Ortega Lara.

1997. Ezker abertzaleko erakundeen aurkako operazio
polizial eta judizial sortaren hasiera, ETArekin lotuta: HBko Mahai
Nazional osoa kartzelara 1997ko otsailean, KAS legetik at 1998an,
Amnistiaren Aldeko Batzordeak 2001ean, Batasuna 2003an… Halaber,
1998an Egin egunkariaren itxiera —2003an Egunkaria ere bai—.

1997. Miguel Angel Blanco Ermuko PPko hautetsia hil zuen ETAk, uztailean. ETAren eta ezker abertzalearen aurkako mobilizazio handia.

1998. ETAren su-etena. Lizarra-Garazi (alderdi
abertzaleek). PPren gobernuarekin negoziazioak ETAk. Ezker abertzaleak
eta Espainiako Gobernuak ere hitz egin zuten.

(Peru, semea jaio zen; Lizarra-Garazirekin esperantza piztu eta, berehala, zapuztu zitzaigun.)

2000. Jose Mari Korta enpresaria hil zuen ETAk.

(Lili, alaba, jaio zen 2003an.)

2006. Martxoan ETAren su-etena. Loiolako
negoziazioak Batasuna, EAJ eta PSEren artean. ETAk eta Espainiako
Gobernuak (PSOE) ere negoziazioak.

2006. Abenduan Madrilen Barajasko atentatua egin zuen ETAk, artean su-etenean zela. Bi hildako.

2008. Inaxio Uria enpresaria hil zuen ETAk.

2009. ETAk 50 urte bete zituen 2009 hasieran.

2009. Jon Anza etakidearen desagerpena, apirilean.
2010eko martxoan jakin zen haren gorpua Frantziako Tolosako Purpan
erietxean zegoela. Euskal Memoria Fundazioaren arabera, “estatuen
errepresioak” 1960-2010 artean 474 lagun hil zituen.

2009. Uztailean ETAren azken hilketak (nahita
eragindakoak), Mallorcan (Herrialde Katalanak): bi guardia zibil.
2010eko martxoan jendarme bat hil zuen Paris ondoan, “gogoz kontrako ”
eta “ustekabeko enfrentamenduan”. Denera 850 lagun inguru hil ditu ETAk
1968tik.

2010. Ezker abertzalearen Zutik Euskal Herria adierazpena, bide politiko eta demokratikoen alde, eta ETAk ontzat jo zuen.

2011. ETAren su-etena, urtarrilean. Ezker
abertzalearen apustu estrategikoa berria berretsi zuen (aldebakarrekoa,
nazioartearen inplikazioa eta indar subiranisten metaketa).

2011. Martxoan zerga iraultzailea bukatu zuela iragarri zuen ETAk.

2011. Xabier Etxeberria izan da libre atera zen
azken euskal presoetakoa —urriaren 6an—. Etxeraten arabera, 2011ko
irailaren 19an 688 preso zeuden Euskal Preso Politikoen Kolektiboan.
Beste euskal preso batzuk kolektibotik kanpo daude. ETAko kide
izandakoak dira gehienak.

2011. ETAk gaur —urriak 20— jakinarazi du ” bere jarduera armatua behin-betiko amaitzea erabaki” duela.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: