Nola ez dut ba maiteko San Anton mendia? Tupustean Berrian argitaratutako artikulu eder bezain kitzikagarri honekin egin dut topo sarean.
Arratoiaren sorrera kontatzen duen kondaira tristea?
«Getarian Keta izeneko edertasun handiko eta ontasun mugagabeko
arrantzale gazte bat bizi zen. Itegi eta Alsakarte andereak, berriz,
Ketaren bihotza nork bereganatuko zain lehian zebiltzan herrian. Baina,
Keta mutiko lotsatia izaki, ez zien ez bataren eta ez bestearen
losintxei jaramonik egin. Bi emakumeak helburua lortzen ez zutela
ikusirik, elkarrekin haserretu ziren, bati kasurik ez egitea bestearen
errua zela uste baitzuten. Halako batean, Ketak Golindo mendiaren
magalean bi emakumeak borrokan aurkitu zituen, kolpeka eta elkarri
iletik tiraka maitasun ezak zitaldutako maitaleen moduan. Ketak hori
ikustean, hain bihotz onekoa izaki, errua berea zela sentitu zuen, eta
zeruari harri bihurtzeko eskatu zion. Eskaria bete egin zen, eta itsas
barrenetik egundoko hareharrizko uhartea azaldu zen, makurtutako arratoi
baten gorputzaren itxurakoa. Lotsaturik euren irrika eta lo galtzeen
eragileak gizaki izateari utzi ziola jakinik, Itegi eta Alsakarte
emakumeek negarka eurek ere harri bihurtzea eskatu zuten; jainkoek,
Altzokoarri eta Iteko punta izeneko harrizko beso bilakatu zituen, eta
hantxe daude, atsedenean, begirada Keta maitearengan jarrita».