Mursegoren kontzertuan izan naiz Lugaritz kultur etxean.
Aitortu behar dut ez nekiela juxtu zer topatuko nuen, ezta jende asko edo gutxi hurbilduko zen bertara.
Sorpresa itzela izan da: kontzertua mundiala, aretoa gainezka, giroa goxoa.
Artista bat da emakume hau. Musika tresna desberdinak menderatzen ditu: violontxeloa, euskalelea, marakak, makilak, ahots-pianoa… Sintetizadorearen laguntzarekin nahasketa estraino bezain ederrak lortzen ditu. Ahotsa -beste mundukoa ez bada ere, berak aitortu bezala- leun zein garratz, soinu eta doinu aberatsak sortzeko erabiltzen du. Abestien letrak gozagarriak dira; batzuk komikotasun puntu eder bat dute -hegaluzea pistoarekin prestatzeko errezetan-, besteak oso benetakoak dira -bakardadeaz ari denean, adibidez-.
Eta, guzti hori gutxi balitz bezala, puztuta sentitzeraino gustura sentiarazi nau egin duen euskararen erabilerarekin. Iupi.
Aurkezpenak euskaraz, letra gehienak ere bai, eta dena lasai-lasai, bere etxeko musika-gelan ariko balitz bezala. Ni ere etxeko gonbidatu sentiarazi nau. Gozagarria benetan. Are gehiago, egunean zehar Soziolinguistika jardunaldian kezka-iturri zaizkigun gaien inguruan bueltaka ibili ondotik. Diglosiarik bada, ordu t´erdian euskararik ez zekiten entzuleek bizi izan dutena izan da, behingoagatik -banituen alboan itzulpen beharra izan dutenak-. Txapo!
Eta, hori guztia gutxi balitz, Marisolen alboan eseri naiz, kasualitatez, eta Mikelen antzekotasun eta gustuen inguruan jardun dugu; gazte musikari ausartak ugaritzen ari direla; Mikeli Mi negrito zenbat gustatzen zitzaion…
Nik ere diskoa erosi dut, Mursego 2, 10 eurotan. Etxekoei erakutsi behar diet.
Oraindik ez baduzu ezagutu, aukera duzunean ez hutsik egin, gozatuko duzu.