Idazten trebeak direnak hain argi
adierazten dituzte nik neuk sentitu, pentsatu eta egin ditzakedanak,
nekatzeak ez duela merezi.
Beñat Gaztelumendi, bertsolaria
Bai, ni han izango naiz, nire betebeharra
delako. Euskaldun eta burujabe izan nahi dudalako. Hizkuntzak hiztunok
egiten ditugulako. Hiztun hizkuntzak egiten gaituelako. Eskubiderik
gabeko hizkuntzak hil egiten direlako. Euskara mundu oso bat delako.
Munduari hizkuntza txikiak bizi daitezkeela erakutsi behar diogulako.
Hizkuntza galtzea hizkuntza galtzea baino zerbait gehiago delako. Nire
hizkuntzan bizi naitekeela sinesten dudalako. Konplexurik gabe
bizitzeko garaia iritsi delako. Nire hizkuntzarik gabe munduari
begiratzeko betaurrekorik gabe geldituko nintzatekeelako. Etorkizuna
gure eskuetan dagoelako. Nire hizkuntzan bizitzeko eskubidea
daukadalako. Euskaldun euskarak egiten nauelako.
Bai, ni han izango naiz, Euskal Herriko agintari guztiek uler
nazaten. Euskal Herriko mediku guztiek zehatz jakin dezaten non dudan
min. Euskal Herriko epaile guztien aurrean nire defentsa behar den
bezala egin dezadan. Euskal Herriko unibertsitate guztietan euskaraz
ikas dadin. Euskal Herriko lantegi guztietan euskaraz lan egiteko
aukera egon dadin. Euskal Herriko haur guztiek Txirri, Mirri eta
Txiribiton uler ditzaten. Euskara ETB1en emaitza txarrentzat
aitzakiatzat jar ez dezaten. Inork esan ez dezan gure hizkuntzak ez
duela XXI menderako balio. Hiru euskaldun gehi erdaldun bat, lau
erdaldun izan ez daitezen. Euskal Herriko herritar guztiek zein
hizkuntzatan bizi nahi duten aukeratzeko benetako askatasuna izan
dezaten.
Bai, ni han izango naiz, ez garela existitzen uste dutenengatik. BEC
zer den ez dakitenengatik. Pirritx eta Porrotxekin barrerik egiten ez
dutenengatik. Aupa Etxebeste ikusiz irririk irten ez zitzaienengatik.
Errautsak ulertu ezin dutenengatik. Anarirekin barrua mugitu ez
zaienengatik. Txirrita nor zen ez dakitenengatik. Harkaitz Cano inoiz
irakurri ez dutenengatik. Xabier Leterekin hunkitu ez direnengatik.
Zaldieroa inoiz ikusi ez dutenengatik. Ulertzen ez nauen okinarengatik.
Ulertu nahi ez nauten politikariengatik. Eta, hala ere, askatasuna
ukatzen diedala esaten didatenengatik.
Euskaltegietan dabiltzanengatik. Euskaraz irakatsi zidatenengatik. Euskaraz hezi nahi ditudanengatik.
Ni otsailaren 12an Donostian izango naiz. Eta zu?