Iaz izan nintzen Erlaitzetako festan. Aurten ezin izan dut joan. Asteburu honetan izan da eta Itxaro Bordak aipatu egin du Berrian duen zutabean. Asko gustatu zait itxasoari buruz idatzi dituenak; bat egin dut berak adierazitakoekin.
Itxaro Borda.
Erlaitzean
Igandeon Pirinio Atlantikoetako kontseilu
orokorrak seigarren aldikoz euskal erlaitzaren besta antolatzen du.
Jendea trumilka etorriko da gaur itsasora isurtzen diren labarren
etengabeko mineralizatzea miresteko eta segur aski Abadiaren gaztelu
maldako Loiako badiara jaisteko hango harridiak uhinarekin jostatzen
segitzeko. Munduko leku ederrenetarik bat baita erdaraz La Corniche deitzen dena.
Askotan egin dut oinez bide hori Miarritzen edo Bidarteko
Erretegia hondartza misteriotsuan hasirik. Xirlinga oihukariak buru
gainean, haizea ileetan eta olatuen marruma belarrietan aitzinatzeaz ez
naiz sekula aspertzen. Airearen gazitasun horren premia daukat zainetan,
bai eta xendra bakartietako isiltasunarena. Izerdia kopetan perla
nabilenean, holtzetan behera purruska infinitesimaletan lerratzen diren
harrixka bat baizik ez naizela nabaritzen dut: umiltasuna eskatzen
didate gesalak, Belarra edo Parlamentiako spot perfektuek.
Euskal kostaldea, gure mendialdea bezain ukigarria da. Urrats
oroz poemak zor dizkiogu menturaz. Kantak. Eresiak batzuetan,
betonatzetik salbatu gunea delako. Geriza dezagun, maita dezagun gure
urezko txikitasuna maite duen bezala.
Hitzen ispiluaren lehen emaitza.