Gaztetapen harriak barra-barra

Berria egunkarian Zuzendaria atalean agertu da beheko artikulua. Bat nator.

Gaztetapek honela
gelditu behar du?

Hiru urte daramagu Getarian Gaztetape hondartzarik gabe.
Azkenaldian izandako itsaso bortitzen ondorioz, Gaztetapen, lehen
hondarra zegoen tokian, orain ehunka tona harri dago. Eta gertaera
horrek Getariako herriari kalte handia eragin diola salatu nahi dugu.

Batetik, herritar guztiok gelditu gara hondartza horrek
eskaintzen zizkigun atseden leku, ur mugitu eta olatuen jolas lekurik
gabe. Bestetik, kirol eremu polita galdu dugu: urte osoan egiten da
surfa, baina udan herriko gazte eta ez hain gaztetxoak aritzen ziren
bertan; orain, ordea, leku arriskutsua denez, surflari gazterik gabe
gelditu gara. Gainera, lehen garrantzizko surf txapelketa batzuk ere
egin ohi ziren: besteak beste, Euskal Herri mailako zirkuitua, eta orain
dela hiru urte antolaturik zegoen nesken surf txapelketa Zarautzen egin
behar izan zuten hemengo egoera ikusi ondoren. Horiek kalte batzuk
bakarrik aipatzearren.

Badakigu gure hondartza ez dela izan itsaso bortitzaren ondorioz
kaltetu den bakarra: makina bat hondartzatan agertu dira harriak lehen
ez zeuden lekuetan, baita hondarra alde batetik bestera eraman ere.
Baina hori zergatik ez Gaztetapen?

Lehen urratsa hondartzaren ardura norena den jakitea izan da,
eta horretarako jo genuen herriko udalera. Alde batetik bestera bidali
ondoren, azkenik, Kostasen ardura dela esan dute. Baina horien erantzuna
izan da: «Dirurik ez dago, eta ezin da ezer egin».

Dirurik ez dagoela? Zertarako? Zenbat diru behar da adituei
zergatiaz galdetzeko? Zenbat diru behar da zergatia jakin ondoren
konponketarako aukerak mahai gainean jartzeko? Horretarako borondatea
behar da, eta egin ahal da? Guk dakigula ez!

Diruaren kontua gero dator: aukera egokia aurrera eramateko
dirua behar da, ados.

Aukeretako bat harriak kentzea omen da, gero naturak hondarra
ekarriko duela (hori adituek baiezta dezatela). Baina hemen ere
eragozpenak daude: harriak itsasoarenak direla, eta ezin omen dira
kendu. Gezurra!! Gure begi-bistan hamabi kamioikada eraman dituzte
Ketarriko horma egiteko. Nork? Zenbat diru behar izan dute?

Hori guztia dela eta, Kostaseko jaun arduraduna, jabetu zara zer
garrantzia duen herri bateko zati batek bertan bizi diren
herritarrentzat? Konturatzen zara zure borondate ezak nolako kaltea
dakarkion gure herriari?

Lehenbailehen irtenbidea eskatzen dugu!

Iñaki Aranberria.

Gaztetape
Surf Elkartea

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: