Kurrin-kurrun vitae, Joxerra Garziak eskainia

Joxerra Garziak idatzitako liburua, “Kurrin-kurrun vitae, maisu baten ikarak eta ostikadak” irakurri berri dut, gustura oso, gainera.

Bere bizitzako pasadizoak kontatzen ditu bertan eta oso erraza da irakurtzeko; oso idazkera landua, aberatsa, batzuetan jasoa baldin badu ere.

Kontakizun asko hurbilak egin zaizkit: Jakintza ikastolakoak, euskalgintzakoak… Batzuk gorde nahi ditut:

– Arrasateko ikastolan irakasle zen garaikoak: “Nolanahi ere, gorabehera jakin horiek guztiak baino eramangitzago zitzaidan handitu ahala ikastolan sortzen ari zen giroa. Hasierako militantzia lagunkoi hura usteltzen eta beste ikastola bat sortzen ari zen, nabarmen. Handiagoa, txukunagoa, jantziagoa… baina baita hotzagoa eta hutsagoa ere. Niri hala iruditzen zitzaidan behintzat.”

– Irungo Txingudi ikastolan izandako esperientzia: “Hasiera-hasieratik sentitu nintzen deseroso, haur haien ezintasuna ikusita (euskara maila baxua zuten). Ez zitzaidan zilegi iruditzen sistema hura, zinez uste baitut hiztunak eskubide gehiago dituela ezein hizkuntzak baino, baita hizkuntza hori euskara bada ere, hain gure eta hain maitea. Eta haur haiek itota ikusten nituen nik. Gordina bada ere, esan dezadan osorik: euskarak itota ikusten nituen nik haur haiek, eta ezin nuen hori eraman.”

– Tolosako ikastolan: “…aldian behin liburu bat irakurri eta haren iruzkina egin behar izaten zidaten ikasleek. Behin, mutil bat etorri zitzaidan, larri, iruzkina, egin, egin zuela noski, baina baita galdu ere, eta ea ahoz egin ote zezakeen azterketatxoa.
Irakurritako liburuaren hari nagusia kontatzeko eskatu diot, bada, eta jario dotorean hasi da ikaslea:
– Itsas abentura bat da funtsean liburuan kontatzen dena. Itsasontzi batean hainbat lagun doaz, tartean detektibe pribatu bat, hamabost eguneko opor-bidaian. Bidean doazela, heriotza misteriotsu bat gertatzen da, eta heriotza hori argitzeko ahaleginek osatzen dute narrazioaren haria…
Seguru nago mutil hori urrutira iritsia izango dela bizitzan, batez ere politikaren munduan baldin badabil. Loidiren Hamabost egun Urgainen nobela horrela kontatzen duenak asmatuko du noski errealitatea bere komenentzira egokitzen.”

– Tolosako ikastolan: “…bitxia izan zen ikasle haiek hika hitz egiten nola hasi ziren.
Erabakia irmo harturik, propio biltzen ziren elkarren artean hika hitz egitera. Hitanoak, ordea, baserri giroa ekartzen zien, nonbait, gogora, eta kostatu egin zitzaien serio hitz egitea. Sentipen deseroso hori gainditzeko, oso martingala polita asmatu zuten: hika hasi orduko, denak “Joxe” bihurtzen ziren, nahiz tartean neskaren bat edo beste ere bazen.”

– Irratian: “Euskara erabiliko badute, ordea, motibazioa behar dute hiztunek, batez ere gazteek. Mitxelena ere aipatzen dugu, nola ez, hark aizkorarekin parekatzen baititu hizkuntzak. Ondo ebakitzen badu, ona da aizkora; komunikaziorako tresna egokia bada, ona da hizkuntza. Komunikazioan dago gakoa, beraz, ez paradigmetan, eta eskolak, gure eskolak, horixe behar luke ardatz nagusi.”

-Jakintza ikastola: “Nik neuk, nahiago nuke beren alorrean asko jakin arren euskaraz ozta-ozta moldatzen dien irakasleek erdaraz emango balituzte beren eskolak.
Baina ez naiz ausartzen pentsatzen dudana esatera.”

-Batua: “Pello Salaburuk arrazaoia du. Arazoa ez da euskara batu teorikoa, Euskaltzaindiaren arauek osatzne dutena. Arazoa da berez molde hutsa behar lukeen euskara batu toriko horrekin hiztunok antolatu dugun batu soziologiko xixtrin hori.”

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: