3
Donostiako
Udaleko Prebentzio Sailak hiriko ikastetxeetako gurasoentzat formazio
ikastaroak eskaini ditu. Ikastaro hauetan gurasoek seme-alaben
heziketan kezka-iturri dituzten gaiak landuko dira. Aurtengoa
bigarren urtez jarraian egiten den eskaintza da. Ikastaroen
iraupenari dagokionez, 2 orduko 9 saio ditu ikastaroak, beraz guztira
18 orduko iraupena du.
Antiguako
Jakintza ikastolan 2008-2009 ikasturtean jaso zen lehen aldiz Udaleko
Prebentzio saileko proposamen hau. Ikastolak eta Guraso Elkarteak
proposamena onartu egin zuten baina euskararik ez zekien irakasle bat
bidali zuten Udaletik. Beste aukerarik ezean, ikastaroa gaztelaniaz
egin zen.
Aurten,
Antiguako Jakintza ikastolako Guraso Elkarteak hala eskatuta,
irakasle euskalduna bidali du Udaleko Prebentzio Sailak baina ez du
hizkuntza irizpiderik aurrez finkatu. Gurasoen esku utzi du ikastaroa
zein hizkuntzetan egingo den erabakitzea. Eta holakoentan gertatu ohi
denez, irakaslea euskalduna izatea alperrik izan da.
Ikastaroaren ordua eta hizkuntza erabakitzeko 11 guraso bildu ginen,
horietatik bi
ziren euskaraz ulertzeko arazoak zituztenak. Euskararen erabilera
ziurtatze aldera, saio batzuk euskaraz eta besteak gaztelaniaz egitea
proposatu zen (bi hizkuntzetan egiteak ez baitu bermatzen bi
hizkuntzen erabilera berdintsua -gaztelania gailentzen da beti- eta
batez ere euskaldunontzat gogaikarria delako dena errepikatua entzun
beharra).
-
Bileran
bildutakoen erreakzioa adierazgarriena euskaldunena izan zen.
Gehienei berdin zitzaion saioak gaztelaniaz egitea, ze, “saioak
bitan banatuz gero (5 saio hizkuntza batean eta beste laurak
bestean) gurasoak galtzen aterako gara, gai gutxiago jorratu ahalko
dira”, “berdin dio ze hizkuntzetan egiten den”… -
Beste
ikastetxeetan zer egiten den, zein den egoera ohikoena galdetu zuen
guraso batek eta irakasleak gaztelaniaz egiten direla aipatu zuen,
salbu eta hirutan. -
Hiru
ordu laurdeneko eztabaida ondoren, saioak gaztelaniaz egingo direla
erabaki zen.
Kontakizunaren
une honetan azpimarratu nahi dut orain bi ikasturte arte, Baikara
elkartearekin elkarlanean, bi hizkuntzetan eskaintzen zituela
formazio-saioak Guraso Elkarteak. Orain, aldiz, Udalaren ekimen
honekin, atzerapausua eman da ekintzak euskaraz ere antolatzeko
asmoan.
Egoera hau iraultzeko bi bide hauek bururatzen
zaizkit:
-
Guraso
Elkarteak eta Ikastolako zuzendaritzak eskaintza guztiak, beraiek
antolatutakoak zein kanpotik proposatzen direnak, hizkuntzaren
erabilera aldez aurretik finkatuta proposatzea -
guraso
euskaldunak sentsibilizatzea; euskararen erabilera esparru
guztietara eramateak duen garrantziaz jabetzea; gurasoen artean
euskaraz hitz egiteko ohiturak haurren erabileran duen eraginaz
hausnartzea…
Ikusten
al duzu zuk beste irtenbiderik, aukerarik, proposamenik?
Apa Marije:
Oso gai polita da proposatzen duzuna. Baina, sarri gertatzen den bezala, galdera ez da zaila, erantzuna da benetan zaila. Nire apaltasunetik ideia batzuk botako dizkizut, aurrez jakinda behin betiko konponbiderik ez dizudala emango:
-Niri interesatzen zaidan mailan (norbanakoarena) sartu aurretik, argi dago ikastolak berak eta Guraso Elkarteak ariketa bat egin behar dutela/duzuela hizkuntza irizpideak finkatzeko. Nola jokatuko dugu bi hizkuntzekin ikastetxe honetan, berdintasunean oinarritutako harremanak gauzatu nahi baditugu eta, gainera, geure seme-alaben aurrean eredu izan nahi badugu?
-Maila pertsonalean ze jokaera hartu? Arnasa hartu eta lasaitu ostean, zuk parte hartu zenuen bilera horretan, ordu laurden bateko eztabaida litzateke hizkuntza irizpideak finkatuta balaude. Ez zeudenez, modu lasaian, arakatzen jolas bat egin beharko litzateke. Zuk aipatzen dituzun ulertzeko arazoak dituzten horiek zenbaterainoko arazoak dituzten.
-Baina, esaterako, informazio nagusia emateko euskarriak (orriak, ppt-ak…) gaztelaniaz jar daitezke eta gero eurei gaztelaniaz egin dezaketela esan lasai, denek ulertzen diezuela esanda.
-Euskal hiztunek zer portaera hartzen duten? Zuk zureari begiratu, eta ikastaroan euskaraz hitz egin, denek ulertuko dute eta.
-Horren aurrean, euskaldunek jarraitzen badute zure portaera baldintzatu nahian, aldez aurretik prestatu erantzun egoki batzuk momentuan erabilgarri izan daitezkeenak.
-Zer gehiago? Ahal dena egin.
Baina gogoratu, zure eskutan zer dago?
Ikastetxeari hizkuntza irizpiderak finkatzeko eskatu, modu eta bide egokietatik. Eta gero antolatutako saioetan, gaztelaniaz ari badira ere, zuk euskaraz egiteko aukera daukazu eta hizlaria ulertzen duena bada zuk zurea egin. Beharbada, dudako euskal hiztunen bat konturatuko da zure portaeraz.
Hortik aurrera zer? Horrek afal ondoko tertulia baterako ematen du.
Zerbaitetan lagungarri bazaizu animo!
Atsegin dutAtsegin dut
Iñaxio, hi beti bezala fin erantzuneta. Hik proposatutakoak,
gehiago edo gutxiago aukeran jarri genizkian guraso batzuk baina
oztopoak besterik ez hituan denak, besteen irudipenerako: irakasleak ez
zian ppta gaztelaniaz jarri eta berak euskaraz hitz egitearen aukera
oso gustuko; erdaldunei beraiek lasai hitz egiteko aukera zutela esan
zitzaien; dena alperrik, denbora galtze bat da. Guraso euskaldun
askoren ahotan daude “total ez da ezer galtzen gaztelaniaz eginda” edo
“berdin zait ze hizkuntzetan den” bezalako esaldiak.
Libre dira horrela pentsatzeko baina euskaraz egin nahi dugun
euskaldunoi ere, aukera berdina dudan neurrian, eta kasu honetan, ukatu
egin digute euskaraz egin nahi dugunoi aukera berdintasuna.
Besarkada bat.
Atsegin dutAtsegin dut