Oso ondo adierazten du euskaldunon bizipena.
Euskararen munduan gabiltzanok ongi asko dakigu zein
nekagarria den gure interesen defentsa. Horrelakorik gutxitan aipatzen
badugu ere, sarritan sumatzen dugu neke hori, beti adi egon beharrak
sortzen duen akidura.
Euskaraz bizi nahi duenak urruti du zerumuga, hirietan
herrietan baino urrutiago segur aski, baina harantz zuzentzen ditu
ahaleginak, horretarako dauden oztopoak antzemanez, salatuz eta, ahal
duenean, trabak ezabatuz.
Trafikoko seinaleak direla edo eraikin publikoetakoak,
administrazioarekiko harremanak direla edo euskara entzuterakoan
muturra okertzen duen dendariaren protesta gehienetan isila, batzuetan
zuzena.
Oztopoak mendi gaindiezin ziren duela hamarkada gutxi
eta euskaraz bizi nahi zuenak bakarturik bizi behar zuen, nahi-ta-ez,
mendi tontor batean edo etxe zuloan. Kalea, sasoi hartan, gaztelerarena
zen, ia salbuespenik gabe, ez bazen hainbat herri txiki seinalatutan.
Kontsolamendu horrek ez du, ordea, beti lehen aipatutako
nekea arintzen. Gero esango dute euskararen kontua politizatua dagoela,
kolore politiko zehatzegia eta nabarmenegia duela.Ba horrela balitz,
erantzukizun nagusia ez litzateke euskaldunona, euskaldun izan nahi ez
dutenena baizik.
Ez dio inork inori euskara ikastea debekatzen. Eta
baldin eta politizazioarena salatzen dutenek euskara ikasteko ahalegina
egingo balute, orduan kolore politikoa aberatsagoa izango litzateke,
anitzagoa. Eta gehiago izango ginateke hesiak gainditzerakoan.
Kontua, beraz, ez dago gehienbat euskaldunon eskuetan, euskaldun ez direnenetan baizik.