Berrian argitaratu zen atzo artikulu hau. Katalan batek euskararen diagnosi azkarra egiten du bertan. Bat nator dioenarekin.
Aukeratu dudan izenbururekin ordea ze lotura du artikuluak? Buruan darabilkit belaunaldi galduaren ideia. Inguruan bizi dudanak hori erakusten dit. Ikastolako guraso-lagun artean nahikoa da batek euskara ez jakitea beste guztiok ia erabat gaztelaniaz komunikatzeko. Nire ustez euskara hitz egiten ez duten horiek ulermen maila nahikoa badute euskarazko elkarrizketak jarraitzeko (%70ean gutxienez), eta nik taldean euskaraz egiteko joera izan dut beti. Arik eta aita batek gaztelaniaz hitz egitera ia derrigortu ninduen arte. Barkamena eskatu zidan esandakoagatik baina agerian gelditu ziren bi kontu:
1. Gaztelaniaz bezain eroso ez dela sentitzen eta baztertua izateko beldurra.
2. Euskaldunok egoera horietan burua makurtzeko dugun joera (taldearen jokabidea).
Beraz, euskaldunok gure jarrerak aldatu, eraldatu, egokitzen ez ditugun bitartean, oso eroso sentituko dira gure belaunaldiko erdaldunak.
Eta haurrek eta gazteek inguruan ikusten dutena imitatzen dute. Nolako ereduak halako ondorengoak.
Hau da artikulua:
«Integratzeko euskara behar dela transmititu behar zaio jendeari»
xavier vila Xarxa Cruscat katalana aztertzeko zentroko zuzendaria
Euskara kodetzen eta hizkuntzaren
sistema garatzen eredu dira euskaldunak Xavier Vilaren ustez, baina
euskara lagunartekotzea falta dela uste du.
Xarxa Cruscat katalana azterketzeko zentroko zuzendaria da
Xavier Vila eta soziolinguistika irakaslea. Donostian izan da
Soziolinguistikako Klusterraren I. Jardunaldietan, hezkuntza sisteman
katalana sustatzeko aukerei eta mugei buruz mintzatzeko. Katalanarekin
izandako esperientziak euskara indartzeko nola aplika daitezkeen
argitzeko zantzu batzuk eman ditu.
Katalana sustatzeaz mintzatu zara. Nola susta daiteke?
Hezkuntza eta hizkuntza politiken legitimazioen arazoaz
ohartarazi nahi izan dut. Askeak garela pentsatzea gustatzen zaigu, eta
gobernuak zerbait egitera behartzea ez zaigu gustatzen. Ezagutza
bultzatu eta katalana lagunarteko bihurtzea bilatu behar da.
Lagunarteko testuinguruak jarri behar ditugu martxan: pertsonen arteko
harremanak sustatu, hizkuntzaren presentzia indartu, eta berdinen
arteko irakaskuntza eta ikasketa bermatu. Ez naiz hizkuntza
hizkuntzaren truke indartzeaz ari, berdintasunaren alde ari naiz,
ikastea bermatzeaz ari naiz. Gizartearen zati batek bi hizkuntza
lagunartean erabiltzea eta beste batek bakarra menperatzea ez zait
egokia iruditzen.
Hori katalanari dagokionez. Nola ikusten duzu euskara?
Zenbait gauzatan eredu izan zarete: hizkuntza kodetu eta
hizkuntzaren sistema garatu duzue oso denbora laburrean. Garrantzitsua
da hizkuntza indartzea hezkuntza sisteman, eta nik ez dut gauza
negatibo moduan ikusten. Ezagutza jende askori zabaldu diozue, baina
euskara lagunartekotzea falta zaizue. Ezin dugu ametsik egin, baina
aurrera egin daitekeela ziur egon.
Lagunartekotzea da gakoa, beraz. Zer egin dezake eskolak horretarako eta zein muga ditu?
Eredu linguistikoa politizatzea akats handia da eta hori egiten
dute alderdi politikoek gehienetan. Ikastetxeei dagokionean,
ahozkotasuna landu beharko lukete, bai ikasgelan eta baita ikasleen
artean ere. Nola argudiatu, eztabaidatu, azaldu eta baita nola mugak
hautsi ere erakutsi behar du. Muga batekin noski. Horrez gain,
ikastetxeen eta ekoizpen kulturalaren arteko aliantza estrategikoa egin
beharko litzateke. Ikastetxeetan ez dituzte baliatzen dauden baliabide
kulturalak, eta ekoizleek hartzaileengana heltzeko zailtasunak dituzte.
Esaterako: ikasgelan ordenagailuarekin lanean gaude, eta Interneterako
sarrerako webgunea Google daukagu, baina gazteleraz. Euskaraz eta
katalanez badago, eta hori bada indartu nahi dugun hizkuntza…
Xehetasun txiki bat da, baina berdina geratzen da musikarekin, eta,
orokorrean, ekoizpen kulturalarekin.
Eusko Jaurlaritzak Hezkuntza Ereduen Dekretua egin du.
Dekretua aplikatuta, A eta B ereduak desagertu eta D eredua izango
litzateke nagusi, hots, euskarazko eredua. Neurri egokia deritzozu?
Eredu ezberdinak izateak tentsioa txikiagoa izatea ahalbidetuko
luke. Malgua izan behar da eta arazoa nola konpondu aztertu. Hori bai,
mundu guztiak daki ezin dela hizkuntza bat ikasi erabiltzen ez bada.
Maila altuagoa eskatuz aurrerapausoa egingo zenukete agian, baina
ikastetxeek erabaki dezatela nola. Egokia da autonomia kasu
konplikatuenetan . Txorakeria dena zera da, Irlandara ingelesa ikastera
joan eta euskara ikasteko aukerak ez baliatzea.
Nafarroan ingelesa eta gaztelera uztartuko dituen eredu bat ezarri nahi dute.
Hiru hizkuntzatako sistemak badaude munduan eta ondo
funtzionatzen dute. Baina jakin egin behar da hizkuntza bakoitzari
emango zaion garrantzia zein izango den. Beldurra ematen didana zera
da, hizkuntza historikoari min egiteko kanpokoa erabiltzea. Gutxi
ezagutzen dut Nafarroako kasua, baina dakidanagatik, kezkatzeko modukoa
da. Balear uharteetan hiru hizkuntzako sistema ezartzen saiatu ziren
duela bi urte: ordu kopuru berdina eman nahi zuten hiru hizkuntzatan.
Modu horretan katalanaren presentzia txikitu egin nahi zuten.
Immigrazioak nolako eragina du gutxiagotutako hizkuntzatan?
Immigrazioaren eragina ezberdina da tokien eta jatorrien
arabera. Katalunian, esaterako, katalanez hitz egiten den tokietan
katalanez integratzen dira. Beste kasuetan gazteleraz integratzen dira
eta horiek dira gehiengoa.
Hizkuntzak sustatzen lagun dezake immigrazioak?
Immigrazioak lagundu egin digu hizkuntza zabaltzeko egindako
ahaleginak legitimatzen. Jakin dugu transmititzen integratzeko katalana
ezinbestekoa dela. Zuek oraindik ez zarete puntu horretara iritsi.
Integratzeko euskara beharrezkoa dela transmititu behar diozue
jendeari. Urte batzuetan lortu dezakezue, euskara gehiago zabaltzen
duzuenean. Bestela, euskara bigarren mailako hizkuntza bihur daiteke
eta immigrazioak ere horretan lagunduko du: atzerapausoa litzateke.
Zuk nola ikusten duzu, atzerapausoa izango da edo lortuko da euskara integraziorako ezinbesteko tresna izatea ?
Oraingoz immigrazio gutxi duzue, eta gehiena latinoamerikarra.
Diru gehiago gastatu behar da integra daitezen, eta euskara bigarren
mailakoa bihurtzea saihestu behar duzue. Hori bada eskema, bi
komunitate linguistiko egongo dira eta euskara ahuldu egingo da.
Nola saihestu daiteke euskara ahultzea?
Berdintasuna bermatzeko euskara jakitea beharrezkoa dela
transmititu behar duzue. Denei jakinarazi behar diezue hizkuntza
kapitala dela, eta gizarte guztiarentzat onurak ekarriko dituela.
############
Informazio gehiago: http://www.slcat.blogspot. com webgunean
############