Abuztuaren 24 Berrian irakurritako artikulu erakargarri baten ostean, biharamunean Gipuzkoako Pagoetako naturguneko parketxe berria ezagutzea erabaki genuen, Iturraran baserri berrituan (Aia), bisita gidatu bat iragartzen zela ikusita: erlategi batzuk eta inguruak ezagutzeko (lorategi botaniko polita ere bada han).
Azaldu
ginen eta kontxo, gaztelaniaz bakarrik. Zenbait bisitarik protesta egin
genuen, Berria-n irakurria baikenuen azalpenak emateko gidari parea
izaten dela (batak talde batekin euskaraz, besteak gaztelaniaz). Baina
informazio hori Parketxeak berak antolatutako bisitentzat omen zen, eta
erlategien bisita espezifikoak Urola Kostako Mankomunitateak antolatzen
ditu. Tamalez behin baino gehiagotan entzundako aitzakiak jarri
zizkiguten.
- Taldean euskaraz ez dakien jendea dago. Bisitarien artean gaztelaniaz ez dakien hiru urteko haurrik ere bazen.
- Turistentzat egiten dira gauza hauek. Barne-turismorik
egiteko eskubiderik ez dugu euskaldunok, eta, bestalde, turista titulua
merezi duen turista bakarra espainola da, ingelesak ere ez dira sartuko
kategoria horretan. - Gidaria euskara ikasten ari da ahalegin handiarekin.
Agindu zigun bai, bietan egiten saiatuko zela, baina gaztelera hutsez
hasi zen beste barik, ez zuen euskaraz jarraitzeko gogorik azaldu, eta
gainera nerbioso protesten aurrean: ez jarraitzea erabaki genuen, eta
ez dakit nola jarraituko zuen kontuak, baina pertsona batek ez badu
gidari izateko perfilik betetzen, ez du betetzen, horixe da kontua. Eta
bere ikasketa prozesuaren nekeak eta problemak errespetatzekoak izango
dira, baina euskaldunak bere herrian euskaraz egin diezaioten hartu
behar dituenak ere ez dira nolanahikoak. - Berria-koek ez dute deitu informazioa baieztatzeko; kazetariak, badakizue… Bale, baina Mankomunitatearen informazio propioan ere ez dago bisiten hizkuntza politikari buruzko ohar minimorik.
Urola-Kostako Mankomunitetarena
dirudi ardura. Edo ardura falta. Gaztelania hutseko bisitak
programatzea, onartezina iruditzen zait. Bisita gidatuen hizkuntzaz
informatzeko beharra ere badagoela pentsatzen dut, eta beren webgune turistiko penagarrian ez dago horren zantzurik. Adibide hoberik bada ikasteko: Donostiako Tabacaleran
bisitak bi hizkuntzetan daude antolatuta, eta ondo ematen da abisua,
norberak aukeratzeko. Mutrikun ere badirudi antzera egiten dutela.
Urola-Kostara itzulita, zertarako dira Mankomunitate horretako bi udalerri UEMAko partaide?
Getaria da herri horietako bat eta ibilbide eta itsas-zeharkaldiak
antolatzen dituzte, besteak beste: hizkuntza politikarik gabe horiek
ere. Alegia, edo denak euskaldunak loteria hutsez (eta orduan ere,
segun zeinek atenditzen zaituen), edo gaztelaniaz, automatikoki.
Bestalde ezin aipatu gabe utzi herriko plazan Elkanori jarri dioten zutoin berrian erabili den hizkuntza politika desegokia.