Ederki pasa dugu.
Niretzat lehen aldia izan da. Ez dakit errepikatuko dudan baina gogoangarria izan da.
Hamar eta hamabost lagun inguru ibili gara parrandan. Ostiralean lanak
korrika amaitu eta Mutiloa Behea herrian bildu ginen. Han ohiturak
jarraituz, lehen marianitoa edan eta lo-sakuak etxe dotore batean utzi
genituen. Autobusa hartu eta Iruñara abiatu ginen. Laurak izango ziren
bazkaltzen hasi ginenerako. Zezena eta ajoarrieroa eskaintzen zituzten
menuan eta guk, noski, ez genituen aukeratu. Bazkalostean laupabost
kanta abestu eta kalera irten ginen. Katxiak izan genituen lagun alde
zaharrean zehar, beno txalapartariak ere bai. Jende ezagunarekin topo
egin genuen eta larrain-dantza dantzatu Gaztelu plazan. Ogitartekoak
kalean jan genituen, ia gauerdia zen. Ordurako akordioa sinatua genuen.
Hitanoa izango zen gure ikurra gau hartan. Isuna ere ipini genion geure
burua bete ez bagenuen ere. Ligatu zuenik ere izan zen. Ez galdetu.
Goizeko lehen ordutan etxeratu ginen “zaharrak”, goizean entzierroa
ikusteko grina baikenuen. Etxera-buelta luzea izan zen. Jaikitzeko
ordua iritsi denean etorri dira besteak. Hori bai, Iñaki berriro ere
Iruñara abiatu da gurekin.
Une latza bizi izan dugu zazpiak inguruan. Estafetara iritsi nahi
genuen eta zezen-plazako kaletik joatea otu zaigu. Izkin batean ia
arnasa hartu barik gelditu gara. Ni izutu egin naiz. Ezin nuen aurrera
ez atzera egin. Ezin gorputza mugitu. Zeharo zapaldua sentitu naiz. Une
gogorra izan da. Iñaki eta Amaia ere larri ibili dira. Unerik txarrena
izan da. Halere gau-txoriak antzeko egoeraren bat bizi izan dute gauez
Jarauta inguruan. Balantzean hauxe izan da txarrena.
Azkenean eta ia etsita geundenean (zazpiak baino lehen sartu behar da
ibilbidean, bestela ez dute uzten sartzen) lortu dugu Uxueren etxepera
iristea. Han egon gara inguruko jendeari so. Batzuk lehen solairuetara
igo nahian, gas-hodiak helduleku erabiliz, bizilagunen erreguei
mespretxus…
Sartu gara Estafeta kaleko Uxueren etxera. Ze atari txukuna eta polita.
Ze esanik ez etxea. Kanpotik eztua diruena barruan zabala da. Bere
amak, Uxuek eta lagunak primeran zaindu gaituzte. Gosari goxua eskaini
digute. Leihotik so egon gara. Oso entretenigarria eta interesgarria
izan da. Estafeta kalea oso osorik ikusten genuen. Garbiketa fase
guztiak ikusi ditugu. Udaltzainen gogortasuna, bortizkeria batzuetan,
gazteen oldarkeria eta ausardia besteetan. Merezi izan du.
Ikusi argazkiak hemen.