Atzo une batez Nancho Novo aktore galiziarra ikusi nuen telebistan
Jesusen aitaren paperean, serio demonio. Oso zaila egin zitzaidan
Nancho rol dramatiko horretan sinesgarria antzematea.
Azkena “Defendiendo al cavernícola” bakarrizketa-antzerkian ikusi nuen eta
izugarri farregarria iruditu zitzaidan. Beretzat propio idatzitako
testua zuen emanaldiak. Berak idatzia zirudien. Eguneroko harremanetan
oinarrituta zegoen, gizon-emakumeon arteko gora-beheretan,
eztabaidetan, topikoetan… Gomendagarria guztiz!
Eta Lugaritz kultur etxean ikusitako beste antzerki bat
ere aipatu nahi dut. Aipatu baino goraipatu. Ikaragarria iruditu
zitzaidan. Animalekoa. Borobila. Pantxo Telleriak idatzi eta Mikel
Fernandezekin batera antzeztutako obraz ari naiz. “Larru haizetara” edo
du izena obrak. Bertan euskaldunok sexuarekin dugun harremanaz ari
dira, edo harreman-ezaz hobeto esanda. Eta horretarako hainbat pasarte,
egoera, eta topikoz baliatzen dira. Farrez hasi eta bukatzekoa da. Ze
hona den geure buruaz honela trufatzea! Eta euskaraz gainera.
Zoragarria benetan!